2018ko apirilean, Basauriko Udalak BIDEBI hirigintza eta etxebizitzako udal sozietate publikoari enkargatu zion San Fausto-Bidebieta-Pozokoetxe eremuko hirigintza-kudeaketa, hiri-berroneratzearen alorreko esku-hartze garrantzitsu bat abiarazteko.
Askotariko jarduketak egingo dituzte gune horretan. Besteak beste, aurreikusita dago kontserbazio- edo irisgarritasun-arazoak dituzten etxebizitzak eraistea eta zenbait eraikinen birgaitze integrala egitea. Etxebizitza berriak ere eraikiko dituzte: 271 etxebizitza berri (libreak eta babestuak) eta 24 zuzkidura-bizitoki. Horrez gain, udalerriko zenbait auzoren arteko irisgarritasuna hobetuko da: trenbide-estaldura luzatuko dute; oinezkoentzako pasabidea jarriko dute trenbide-trintxera gainean, eta erabiltzen ez den trenbide-multzo bat berreskuratu, eta hiri-parke bihurtuko dute.
BIDEBIk egingo ditu esku-hartzea aurrera eraman ahal izateko egin beharreko desjabetzeak, eta kudeatuko ditu, era berean, auzotarrei berriro ostatu emateko eta horri lotutako jarduketak (eraikuntzak hormatzea, birgaitzea sustatzea…). Udalak, bere aldetik, urbanizazio-lan handiak kontratatuko ditu, eta lurzati eraikigarriak besterentzeaz arduratuko da.
San Fausto-Bidebieta-Pozokoetxeko esku-hartzeek 25 milioi euro inguruko kostua dute.
Mandatua egin zenetik urte bi eta erdi igarota, egokitzat jo dugu kudeaketaren mugarriak jasotzea, labur-labur bada ere. Hona hemen:
- Desjabetze-akordioa ADIFekin: eremuan zituen ondare-ondasun eta eraikitze-eskubideak eskuratzea.
- Familia errentatzaile bi (Agirre Lehendakaria 27 eta 29) eta familia jabe bi (San Fausto 4 eta 6) nahitaez desjabetzeko eta haiei berriro ostatu emateko akordioa.
- Agirre Lehendakaria 27 eta 29ko higiezina eraisteko proiektua idaztea eta eraikina eraistea.
- San Fausto 4 eta 6ko higiezinak eraisteko proiektua idaztea eta eraikinak eraistea.
- Agirre Lehendakaria 31 eta San Fausto 1eko higiezinak eraisteko proiektua idaztea.
- Udal eraikin bat saltzea (gaur egun, orubea da), eraikitze-prozesuan dauden 34 etxebizitza libreren sustapenerako.
- San Fausto-Bidebieta-Pozokoetxe proiektuaren II. fasearen nahitaezko desjabetze-prozedura hastea —San Fausto 1eko, eta Agirre Lehendakariko 31 eta 33 biseko higiezinei eragin zien—.
- Udal Zerbitzu Teknikoek Pozokoetxeko parke berriaren I. fasea idaztea (lehen, trenbide-multzoa zen), eta lanak egitea.
- Udal Zerbitzu Teknikoek Agirre Lehendakariaren etorbidearen eta Autonomia eta Nafarroa kaleen arteko bide berriaren proiektua idaztea.
- Udal ordenantza bat idaztea (gaur egun, izapidetze-prozesuan dago), San Fausto 13ko eta San Fausto 20 eta 22ko eraikinen birgaitze integralerako (energia-efikazia eta irisgarritasun unibertsala) laguntza bereziak arautzeko.