Basauriko Udalbatzak, 2018ko apirilaren 26an egindako ohiko osoko bilkuran, behin betiko onespena eman zion Basauriko SR7 Sektorea-Azbarreni zegokion hiri-antolamenduko plan orokorraren aldaketa puntualari (eta 2018ko ekainaren 1eko BAOn argitaratu zen).
Hiri-antolamenduko plan orokorraren aldaketa puntual horrek «SR7-Azbarren» lurzoru urbanizagarria birsailkatu zuen urbanizazioan finkatu gabeko hiri-lurzoru area batean, «J-Azbarren» UE34 exekuzio-unitatean; eta, aldi berean, bere antolamendu xehatua eta ordenazio hori garatzeko gidalerroak ezarri zituen.
Ondorioz, Basauriko Udalak, azaroaren 19ko 4031/2018 Dekretu bidez, hasierako onespena eman zion Basauriko «J-Azbarren»eko jarduketa integratuaren hirigintzako jarduketa-programari —Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak sustatu zuen dokumentua. Dekretua 2018ko abenduaren 7ko BAOn argitaratu zen, eta, gero, jendaurrean jarri zuten. Aurkeztutako alegazioak ebatzi ostean, apirilaren 5eko 1545/2019 Dekretuak behin betiko onespena eman zion Basauriko «J-Azbarren»eko hirigintzako jarduketa-programari (2019ko apirilaren 24ko BAO).
Dokumentu horrek urbanizazioan finkatu gabeko lurzoruaren eremua bi exekuzio-unitatetan banatu zuen: UE34 (ituntze-sistemaren bidez kudeatu beharrekoa) eta UE 34.2 (nahitaezko desjabetze bitartez kudeatu beharrekoa)
Ituntze bidezko hirigintza-sistema exekuzio pribatuaren araubidean kokatzen da, eta lurzoruari eta hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 160. artikuluan eta hurrengoetan arautzen da.
Artikulu horretako lehen paragrafoan ezartzen denez, ituntze bidezko jardute-sistema Udalak ezarri dezake, bai bere ekimenez, bai lurzoruaren jabeen % 50ek baino gehiagok hala eskatuta.
Lege-testu bereko bigarren paragrafoak dio jardute-sistema horren bitartez garatu beharreko hirigintza-jarduketak eskatzen duela Udalarekin hitzarmen bat egitea, non lurzoruaren jabeen % 50ek baino gehiagok, gutxienez, honako konpromiso hauek hartu behar duen:
- a) Ituntze-batzar gisa eratzea, hurrengo artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
- b) Ituntze-batzar horren bitartez birpartzelazio-dokumentua egitea, jarduketaren onurak eta zamak zuzen banatzeko.
- c) Derrigorrez eta doan laga beharreko lur eta ondasunak ematea, legean, planeamenduan edo hitzarmenean bertan ezarritako baldintzetan.
- d) Urbanizazio-lanen zama guzti-guztiak bereganatzea, eta legeak, planeamenduak edo hitzarmenak berak unitate horri esleitutako urbanizazio-, azpiegitura- eta zerbitzu-lanak gauzatzea.
Basauriko Udala jardute-sistema hori ezartzeko legitimazioa du, hirigintzako administrazio publikoa eta lurzoruaren % 76,52ren jabea den neurrian (geroxeago deskribatuko den bezalaxe).
Hartara, Udalak ezarriko ditu lehen aipatutako hitzarmenaren eduki zehatza eta programa, interesdunek hala proposatuta edo udal administrazioaren beraren ekimenez. Zentzu horretan, azpimarratu beharra dago Basauriko Udalak (jabe nagusiak) eta garai bateko Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak lankidetza-hitzarmen bat sinatu zutela 2020ko otsailaren 5ean. Bertan, administrazio publiko bakoitzaren konpromiso, ekarpen eta obligazioak ezarri ziren, aipatutako hirigintza-jarduketa aurrera eraman ahal izateko, eta, bereziki, alokairuzko etxebizitza babestua sustatu ahal izateko. Nabarmentzekoa da hitzarmen hori exekutatzeak zenbait ondare-eragiketa dakartzala berekin, eta eragiketa horiek eskatzen dutela Eusko Jaurlaritza Basauriko Udalaren tokian subrogatzea, juridikoki. Horrek, nola ez, funtsezko aldaketak dakartza, lurzati eraikigarriak esleitzeari dagokionez (esleipen horiek, bestalde, dagokion birpartzelazio-proiektuan egingo dira).
Lehen aipatutako «J-Azbarren» jarduketa integratuaren hirigintzako jarduketa-programak zehazten du ituntze-sistemaren bidez jardungo dela. Hori dela eta, EU34.1 exekuzio-unitatea kudeatzea eta zuzen banatzea ahalbidetzeko idatzitako birpartzelazio-proiektua izapidetzen ari da: hasierako onespena eman zion martxoaren 9ko 768/2020 alkatetza Dekretuak —eta ekainaren 8ko BAOn argitaratu zen (107. zk.)—, eta hasierako onespen berria eman zion irailaren 22ko 2376/2020 Alkatetza Dekretuak —urriaren 7ko BAOn argitaratu zen (193. zk.), eta akatsak konpontzeko Dekretua da (erantsita doa horren memoriaren kopia). Beraz, ez da beharrezkoa ikusten jarduketa-oinarriak idatzi eta izapidetzea, horiek zehaztuta baitaude jada onurak eta zamak zuzen banatzeko dokumentuan.
- 34.1 exekuzio-unitateko lurzoruaren jabetza honelaxe banatzen da:
- Basauriko Udalak eta HARRI IPARRA merkataritza-sozietateak Azbarreneko ituntze-batzarraren eskritura publikoa sinatu dute 2020ko abenduaren 15ean. Ituntze-batzar hori Basauriko Udalak (hirigintza-erakunde laguntzaile gisa) onetsitako Estatutuek araututa egongo da, hirigintza-araudian xedatutakoarekin bat. Era berean, izaera fiduziarioa izango du, hirigintza-jarduketa honetara ekarritako lursailei dagokienez.
Egintza horretan bertan, honako kargu hauek izendatu dituzte:
- Asier Iragorri Basaguren.
- Pedro Rodríguez Toyos.
- Administrazio jardulearen ordezkaria: Nerea Renteria, Basauriko Udaleko Lurralde-politika eta Kontratazioko zinegotzia.
Aipatutako Estatutuek aurreikusten ez dituzten kontuetarako, honako hauetara joko da, subsidiarioki: hirigintzako kudeaketaren erregelamendua, lurzoruaren eta hiri-birgaitzearen testu bateratua onesten duen urriaren 30eko 7/2015 Legegintzako Errege Dekretua, eta lurzoruari eta hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legea.