SAN MIGELEN ZUZKIDURA-BIZITOKIAK ERAIKITZEKO LANEI BERREKITEA

Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak San Migeleko 36 zuzkidura-bizitokiak eraikitzeko obrei berrekin die. Lan horiek etenda geratu ziren, hasierako proiektua aldatu behar izan zelako, urbanizazio-lanei eta pandemiak eragindako administrazio-epeen moteltzeari egokitzeko. Zuzkidura-bizitoki horiek gazteentzako aldi baterako alokairu-etxebizitzak izango dira, batez ere. Bost urterako alokatuko dira, eta, hala, gazteei emantzipatzen lagunduko diete.

 

2016 amaieran, Eusko Jaurlaritzak eta Basauriko Udalak hitzarmena sinatu zuten, aipatutako bizitokiak eraikitzea ahalbidetzeko. Eta, esan bezala, udalerrian erroldatutako gazte eta herritarrek lehentasuna izango dute adjudikazioan. Eraikiko dituzten 36 etxebizitzetatik, Udalak 4 gordeko ditu beharrizan sozialei aurre egiteko (gizarte-bazterkeria arriskuan dauden pertsonentzako, indarkeria matxistaren biktimentzako eta abar) eta/edo Udalaren hirigintza-jarduketek eragindakoentzako.

 

Eraikinak beheko solairua gehi bost izango ditu. Mendebaldetik, eremuko errepide berrira begira egongo da; eta, atzealdetik (ekialdetik), partzialki atxikita egongo da bestelako ekipamendu-erabilera batzuetara. Iparraldean, berriz, oinezkoentzako bide baten mugakidea izango da, zeinak, gainera, eraikin berria Taberna Nagusitik eta haren ondoko eremu libretik bereiziko baitu. Eta, azkenik, hegoaldean, tokiko eremu libreak egongo dira.  Eraikinak oinplano karratua izango du. Bi hegal izango ditu, bakoitza hiru alojamendurekin; eta erdigune bat, sarbideekin. Erabilerarik gabeko erdiko gunea, bestalde, inguratzaile orokorraren barruko patio gisa egituratuko da. Eraikuntza-lanek 20 hilabete iraungo dute, gutxi gorabehera.

Idatzi iruzkina

Make sure you enter all the required information, indicated by an asterisk (*). HTML code is not allowed.