Agree proiektu europarrak eraikinak birgaitzeko laguntzak eskaintzen ditu, eta laguntza horien berri izan nahi duten jabekideen erkidego, auzotar eta interesdunei informazioa emateko bilera izango da, azaroaren 9an, goizeko 11:00etan, Basauriko Udalaren osoko bilkuren aretoan. Bigarrenez antolatu du Bidebi Basauri hirigintzako udal sozietateak horrelako bilera bat. Aurreko hitzordua ere informazioa emateko izan zen, lehengo astean, hau da, urriaren 29an, ostiralarekin, toki berean; kasu horretan, auzo elkarteekin eta proiektuaren eraginpeko finken administrazioaz arduratzen diren enpresekin bildu zen.
Agree proiektuaren bitartez, eraikinen energia-efizientzia eta irisgarritasuna indartuko dituen birgaitze lanak sustatzen dira eta, horretarako, Eusko Jaurlaritzak hainbat laguntza antolatu ditu, Europako Next Generation funtsekin finantzatuta, hein batean; horrela, bada, Bidebi Basauri Agree proiektuan sartuta dagoenez, proiektuan sartutako jabekideen erkidegoek laguntza horiek eska ditzakete. Bidebi Basaurik laguntza horien nondik norakoak azalduko ditu azaroaren 9ko auzo bileran, baita Agree proiektuari buruzko xehetasunak eman ere.
Gogoan izan Bidebi Basaurik Federico Mayo auzunerako aurretiazko azterlan baten idazketa kontratatu duela, eraikin tipo baten (eremuan ohikoenak diren ezaugarriekin bat datorrena) birgaitzerako aurreproiektu batekin; aurreproiektu horretan, eraikuntzaren arloko arazoak eta hobetzeko aukerak deskribatuko dira, esku hartzeko alternatibak, horien kostuak, eta egon litezkeen dirulaguntza eta finantzabideak. Zalantzarik gabe, azterlan hori oso baliagarria izango da jabekideen erkidegoetarako, erabakiak hartzeko garaian.
Bidebik, halaber, bere bulegoetan ere erantzungo die auzotar interesdunen kontsultei eta informazio eskaerei, betiere aurrez hitzordua hartuta; bulegoen helbidea: Agirre Lehendakaria, 61 Basauri (T: 946 073 021/ Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko.).