- SR-1 San Migel Mendebaldea lurzatian Eusko Jaurlaritza jada eraikitzen ari den 36 zuzkidura-bizitokien ondoan eraikiko dira
- Basauriarrek lehentasuna izango dute etxebizitzak adjudikatzeko garaian
Basauriko Udalak eta Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak hitzarmena sinatuko dute datozen asteotan San Migelen 17 zuzkidura-bizitoki eraiki ahal izateko. Hitzarmen horren arabera, Basaurik lehentasuna izango du bizitoki horien guztien sustapenean eta, beraz, basauriarrak izango dira lehentasunezko hartzaile. Horrelako etxebizitzak gazteak aldi baterako alokairuan bizitzeko pentsatuta daude, nagusiki, emantzipatu ahal izan daitezen.
Eusko Jaurlaritza beste 36 zuzkidura-bizitoki eraikitzen ari da jada SR-1 San Migel Mendebaldea lurzatian, eta horien ondoan eraikiko dituzte alokairuko etxebizitza hauek. Jaurlaritzaren sustapenari dagokionez, Basauriko Udalak 4 etxebizitza eskuratuko ditu udalaren behar sozialetarako (bazterkeria-arriskuan daudenak, genero-indarkeriaren biktimak eta abar), eta/edo Udalaren hirigintza-jarduketen eraginpeko pertsonentzat.
Bi administrazio publikoek modu koordinatuan jardungo dutela jasotzen da hitzarmenean; hitzarmenaren arabera, Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailari dagozkio etxebizitza-sustapen horren diseinu-proposamena, eraikuntza-lanak eta kudeaketa egitea. Proposamen horri ikus-onetsia eman ostean, Basauriko Udalak, bere aldetik, lurzatia lagatzeko konpromisoa hartzen du.
“Basauriko Udalak lehentasun nagusitzat jo du basauriarrek herrian bertan etxebizitza babestu gehiago eskuratzeko aukera izatea. Gainera, herritarren beharretara egokitu behar izan dugu, alokairuko gero eta etxebizitza gehiago eskatzen dituztenez eta, zuzkidura-bizitoki horietaz gain, Azbarrengo etxebizitza babestuen sustapenean gehienak alokairuko etxebizitzak izango dira”, adierazi du Asier Iragorri alkate basauriarrak.