HORIZON AGREE, birgaitze energetikorako proposamen berritzailea

  • Agreek, birgaitze energetikoaren ikuspegi berritzailea proposatu du bere “Final Conference” biltzarrean
  • AGREE proiektuak lau urtez egin du lan EAEko birgaitze energetikoaren alde, eta inbertsio eta CO2ren murrizketa helburuak bete ditu
  • Partzuergoak, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Saila buru duela, hiru pilotu berritzaile jarri ditu martxan, Basaurin, Donostian eta Gasteizen.

 2019. urtetik mundu osoan eragina izan duten oztopo handietara egokitu behar izan duen arren, HORIZON Agree osatzen duten erakundeen partzuergoak helburuak bete ditu eta amaiera eman dio proiektuari. Giza taldeen erresilientziari esker, arrakastaz amaitu da proiektua, eta oraindik ere balioa gehitzen jarraituko du, biltzarrean zehaztu ziren ikaskuntzak aplikatuz. 

Final Conference hori proiektuaren koordinatzaile Carlos López Losadak hasi zuen. Ondoren, Mario Yoldi jaunak, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailburuordetzako Plangintza eta Prozesu Operatiboen zuzendariak, esku hartu zuen, eta proiektu horretan erabilitako metodologien garrantzia nabarmendu zuen eta horiek erabakiak hartzeko eta politikak lehenesteko duten balioa ere. 

Yoldi hirigintza-sozietateekin (SUR) lankidetzan aritzearen alde agertu zen, eta, haiei esker, kudeaketa oso eraginkorra izan dela esan zuen. Halaber, adierazi zuen datuen eta adimen artifizialaren erabilera arduratsua gero eta joera handiagoa dela, eta sailean horretarako baliabide asko erabiltzen ari direla.

Ondoren, Tecnalia enpresaren ikerketa eta garapen teknologikoko zentroko Hiri, Lurralde eta Ingurumen zuzendari Patricia Molina Costak proiektuaren funtsezko puntuak laburbildu zituen, eta birgaikuntzan diagnostiko on bat egiteak eta finantzarako laguntza izateak duten garrantzia azpimarratu zuen. Molinak, birgaitzeko eraikinak aukeratzeko, hobetzeko eremuak lehenesteko eta atari-mailako azterketa zehatza egiteko metodologia deskribatu zuen; eskaria gehitzeko sistema sendoa da, eta horrek proiektua kopiatzea errazten du.

Molinak hirigintza-sozietateek (SUR) proiektuaren lehen lerroan egindako lana goretsi zuen, eta helburuen gainetik lortutako eraginak berrikusi zituen, hala nola birgaitze jasangarrirako inbertsioak, energia eta emisioen aurrezpena, eta eraikin askoren kalifikazio energetikoa bi edo hiru letra hobetzea. 

Bestalde, Ihobe sozietate publikoko Ekonomia Zirkularra Saileko proiektuen arduradun Aitor Sáez de Cortazarrek adierazi zuen beharrezkoa dela ezarritako sisteman Europatik datozen funtsezko tresnak sartzea, hala nola ingurumen-taxonomia edo eraikuntza-produktuen datorren araudiko eta egingo den Energia-eraginkortasunari buruzko zuzentarauko materialen zirkularitate-arloko bilakaerak.

Saéz de Cortazarrek eragina biderkatzeko eta erreplikazioa errazteko erabilitako tresnak laburbildu zituen, bai eta horien etekinak ere, eta amaitzeko, etorkizuneko garapenak hobetzeko zenbait ohar eman zuen. Esaterako, birgaitze-proiektuetan ingurumen-jasangarritasuna baliozkotzea, edo estrategia berriak sartzea, hala nola serbitizazioa, finantza-zailtasunak gainditzeko.

Galderen ondoren, OPENGELAko Andoni Hidalgok bestearen “anaia” den proiektua aurkeztu zuen. Proiektuak hiri-berroneratzea du helburu eta Bilboko Otxarkoaga eta Eibarko Txonta auzoetan herritarrei lagunduko dien “one stop shop” edo leihatila bakarreko bulegoen alde egiten du.

Amaitzeko, Hirigintza-sozietateek, Carlos López Losadaren hitzetan proiektuaren eskuek, egikaritzean izandako esperientzia azaldu zuten.

Horretarako, Ensanche 21eko Miren Cortazarrek, Bidebiko Pedro Rodriguez Toyosek eta Donostiako Etxegintzako Maider Romayk auzotarrengana joatea dakarren aldea nabarmendu zuten, baita egin beharreko inbertsioak ezinbestean duen garrantzia ere. 

Proiektua berrikustean, zailtasunak ere gogoratu ziren, bereziki pandemia eta Ukrainako gerra, erresilientzia edukitzera eta berritzaile izatera behartu baitituzte proiektuan parte hartu duten erakunde guztiak.

Proiektua eta emaitzak 

HORIZON Agreek, lau urte hauetan zehar, etxebizitza-eraikinetan energia birgaitzeko inbertsioak bultzatzeko asmoa izan du, eta horretarako, mekanismo berritzaileak garatu eta zabaldu ditu eskaera aktibatzeko eta gehitzeko, gobernantza hobetzeko eta finantzaketa-soluzio pertsonalizatuak garatzeko.

Proiektu honetako partzuergoak lankidetza estuan lan egin du, 1940 eta 1980 bitartean eraikitako etxebizitza-eraikinak modernizatzeko berrikuntzak eginez. Hiru proiektu pilotuetan, bere helburua energia-eraginkortasuna, inguratzaile termikoa eta igogailua instalatuz irisgarritasuna hobetzea izan da. 

Proiektuaren eraginek nabarmen gainditu dituzte ezarritako helburuak, eta 10,8 milioi euroko inbertsioak egin dira aurreikusitako 8,5en aldean; 602 etxebizitzatan egin dute lan 510en ordez; eta 48.000 m²tan, hasieran aurreikusitako 14.500en aurka.

Energiari eta emisioei dagokienez, energia primarioaren aurrezkia 5,92 Gw/urtekoa da, aurreikusitako 2,62ren aldean, eta emisioak 1.233 TCO²/urte murriztu dira, eskatutako 249en aldean. Atxikitako eraikinen %35ek 2 letra hobetu du eraikinaren kalifikazio energetikoa eta berogailuaren eskaeran %41ek bi letra hobetu ditu eta %15ek hiru.

Proiektuak bigarren ibilbide bat du orain, eskaria gehitzeko sortu diren tresnei esker; tresna horiek etorkizunean Euskadiko eta Europa osoko udalerrietan aplikatuko dira, birgaitzearen olatura egunero gero eta herri gehiago igotzen baitira.  

 

 Bideo AGREE

 

 

 

Idatzi iruzkina

Make sure you enter all the required information, indicated by an asterisk (*). HTML code is not allowed.