Agree proiektu europarrak eraikinak birgaitzeko laguntzak eskaintzen ditu, eta laguntza horien berri izan nahi duten jabekideen erkidego, auzotar eta interesdunei informazioa emateko bilera izango da, azaroaren 9an, goizeko 11:00etan, Basauriko Udalaren osoko bilkuren aretoan. Bigarrenez antolatu du Bidebi Basauri hirigintzako udal sozietateak horrelako bilera bat. Aurreko hitzordua ere informazioa emateko izan zen, lehengo astean, hau da, urriaren 29an, ostiralarekin, toki berean; kasu horretan, auzo elkarteekin eta proiektuaren eraginpeko finken administrazioaz arduratzen diren enpresekin bildu zen.

Agree proiektuaren bitartez, eraikinen energia-efizientzia eta irisgarritasuna indartuko dituen birgaitze lanak sustatzen dira eta, horretarako, Eusko Jaurlaritzak hainbat laguntza antolatu ditu, Europako Next Generation funtsekin finantzatuta, hein batean; horrela, bada, Bidebi Basauri Agree proiektuan sartuta dagoenez, proiektuan sartutako jabekideen erkidegoek laguntza horiek eska ditzakete. Bidebi Basaurik laguntza horien nondik norakoak azalduko ditu azaroaren 9ko auzo bileran, baita Agree proiektuari buruzko xehetasunak eman ere.

Gogoan izan Bidebi Basaurik Federico Mayo auzunerako aurretiazko azterlan baten idazketa kontratatu duela, eraikin tipo baten (eremuan ohikoenak diren ezaugarriekin bat datorrena) birgaitzerako aurreproiektu batekin; aurreproiektu horretan, eraikuntzaren arloko arazoak eta hobetzeko aukerak deskribatuko dira, esku hartzeko alternatibak, horien kostuak, eta egon litezkeen dirulaguntza eta finantzabideak. Zalantzarik gabe, azterlan hori oso baliagarria izango da jabekideen erkidegoetarako, erabakiak hartzeko garaian.

Bidebik, halaber, bere bulegoetan ere erantzungo die auzotar interesdunen kontsultei eta informazio eskaerei, betiere aurrez hitzordua hartuta; bulegoen helbidea: Agirre Lehendakaria, 61 Basauri (T: 946 073 021/ Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko.).

Basauriko Udalak bi milioi euro inguruko kreditu-aldaketak onartu ditu. Kopuru horren zatirik handiena, 1,8 milioi, San Fausto, Bidebieta eta Pozokoetxe auzoetan martxan dagoen makroproiektua indartzeko erabiliko da, eta datorren hamarkadan 20 milioi euro baino gehiago inbertituko dira. Udalak Pozokoetxeko lursailen salmentaren truke  aipatutako diru-kopurua jaso ahal izan du.

 Aurrekontu horrek hainbat jarduera ordaintzeko balioko du, besteak beste, Agirre Lehendakariaren 31. ataria eraistea, urtea amaitu baino lehen burutuko dena. Gogoratu behar da dagoeneko eraitsi dituztela Arizgoiti plazako 3,4 eta 5 zenbakiak, Agirre Lehendakariaren kaleko 27 eta 29 atariak eta San Fausto kaleko 4 eta 6 eraikinak. Gainera, onartutako aurrekontuan Pozokoetxeko bide berria eraikitzea eta desjabetzeen kasuan, konpentsazio ekonomikoen ordainketak ere sartuko dira. Bide horretan, birkokatzearen ordez, konpentsazio ekonomikoaren aukera hartu dute Juan Ibargutxi kaleko 2. atariko zazpi familiek. Aipatutako etxebizitza datorren urteko lehen seihilekoan eraitsiko dute.

2020an Bidebi Basauri udal-sozietatearen zerbitzuen erabiltzaileen artean egindako inkesta batek adierazi duenez, harremanak balorazioa altua merezi izan du: 8,71ko batez besteko puntuaziora iritsi da 10 puntuko eskalan. Arreta da hobekien baloratutako alderdia, eta kudeaketa da puntuaziorik txikiena lortu duena, nahiz eta 8-tik gorakoa izan. Okerren baloratutako alderdia instalazioen desegokitasuna da, datuen konfidentzialtasuna bermatzeko. Gizaker enpresak egin du inkesta, eta harremanetan jarri da Bidebiko zerbitzuen erabiltzaileekin, besteak beste, Etxebide eta ASAP etxebizitza pribatua alokatzeko bitartekaritza-programaren erabiltzaileekin, birgaitzeko laguntzen onuradunekin edo erosteko aukera duten udal-aparkalekuen errentariekin.

 

Inkesta 2020ko Jardueren Memorian jasota dago. Urte horretan, Bidebik bere sorreraren hamargarren urteurrena ospatu zuen. Ordutik hona, 800 etxebizitza baino gehiago sustatu ditu Sarratu, Azbarren, San Migel Mendebaldea eta San Fausto-Bidebieta-Pozokoetxen. Bidebik herritarrei Etxebide Etxebizitzaren Euskal Zerbitzuaren Erregistroan sarbidea ematen die, urtean batez beste 1.500 pertsona artatuz. ASAP Programaren agente laguntzaile gisa ere jarduten du, eta, gaur egun, 40 etxebizitza baino gehiago ditu programari atxikita. Soloarteko aparkalekuko udal-jabetzako garaje-partzelak ere kudeatzen ditu. Eta beste erakunde batzuekin batera, AGREE proiektu europarraren parte aktiboa da. Basauriren kasuan, proiektuak Hernán Cortes eta Federico Mayo auzoetan kokatutako, gutxienez 170 etxebizitzaren birgaitze integrala eta irisgarritasun unibertsala gauzatu nahi du.

H+G enpresak egingo du lana, eta eremu horretako eraikin-tipo bat —alegia, auzunearen eraikuntza-ezaugarriak biltzen dituena— birgaitzeko aurreproiektua ere idatziko du. Era berean, dauden esku-hartze aukerak jasoko ditu dokumentuak, eta bakoitzaren kostua ere bai. Lanaren aurrekontua 14.000 euro da, eta hiru hilabete baino gutxiagotan egin beharko du H+G enpresak. Auzunea bisitatzen hasiko dira, higiezinen egoera ikusteko. Horrekin batera, finka-administratzaileekin eta interesa agertu duten jabeen erkidegoen ordezkariekin bilduko dira. Eraikinen patologia eta gabeziei buruzko informazio teknikoa bildu eta gero, horiek birgaitzeko egin daitezkeen esku-hartzeen, aurreikusitako kostuaren, eta estatuko, autonomia-erkidegoko eta tokiko legerian jasotako laguntzen berri emango dute. Birgaitze-programa osoa AGREE proiektuaren barruan dago, zeina Europar Batasunak finantzatzen baitu, HORIZON 2020 programaren barruan.

 

Euskadin, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Sailak, IHOBEk, Tecnaliak eta Donostia/San Sebastiáneko, Vitoria-Gasteizko eta Basauriko udalek osatutako partzuergo batek sustatzen du aipatutako proiektua. AGREEk Euskal Herriko etxebizitza-eraikin pribatuen irisgarritasuna, eta eraikinok energetikoki efizientea eta den modu batean birgaitzea sustatzen du. Egitasmoak hiru proiektu pilotu ditu abian (aipatutako udalerri bakoitzean bana), 8,5 milioi euroko inbertsioarekin, eta 2021ean eta 2022an, urte bakoitzean 250 tona CO2ren baliokidea gutxitzeko helburuarekin. Horrela, bada, eraikitze-tipologia bera duten higiezinen multzoak hautatu dituzte, eraikin guztiei birgaitze-jarraibide berak ezarri ahal izateko. Esku-hartze proposamen desberdinak egingo dituzte, eta  proposamen bakoitzerako aurreikusitako kostua zehaztuko dute. Edozelan ere, jabeen erkidegoek erabakiko dute zein jarduketa egin, eta zein enpresarekin. Bidebik, berriz, udal eta autonomia erkidegoko laguntza arruntak izapidetuko ditu.

 

Federico Mayo auzunea Arizen dago. Joan den mendeko 50eko hamarkadan eraiki zuen Etxebizitza Institutu Nazionalak, eta 700 etxebizitza ditu, eraikitze-tipologia antzekoa duten higiezinetan bilduta. Eraikitze-kalitatea ertaina-baxua da, eta, oro har, auzunearen irisgarritasuna txarra da (ez dago igogailurik). Basauriko, Donostia/San Sebastiáneko eta Vitoria-Gasteizko proiektuei esker, eskuliburu bat egingo dute, Euskal Herrian antzeko ezaugarriak dituzten eraikinetan erabili ahal izateko. Esan beharra dago Europa hegoaldeko etxebizitza-parke zaharkituenetako bat daukala EAEk —etxebizitza-eraikinen erdiak 1940 eta 1980 bitartean eraiki zituzten, energia-efizientziari buruzko araudiak existitu aurretik—.

Sarratuko ituntze-batzarrak, zeinaren kide bakarra Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila baita, haur-jolasen eremua jarri du, egite-prozesuan dagoen eta 65 etxebizitza babestu hartuko dituen eraikinaren pareko plazan. Sarratu auzoaren hiri-berrikuntza lanetako bat da aipatutako jarduketa, eta 40.000 €-ko inbertsioa eskatu du (BEZa kanpo).

Haurrentzako atsedenleku berrian eskalatzeko dorre txirristadun handi bat dago, bi eserlekudun zabua —bietako bat, inklusiboa—, malguki bi (bata ume bakarrarentzat, eta bestea bi eserlekuduna), eta etxetxo bat, txirristarekin.

2011tik, eta Basauriko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak 2008an sinatutako hitzarmen bati esker, Autonomia Erkidegoko gobernuak 90 etxebizitza sozial eta babes ofizialeko 60 eta 65 etxebizitzadun 2 eraikin egin ditu, Sarratuko eremuan. Beste alde batetik, pribatu batek 74 etxebizitza libre sustatu ditu. Aurreikusita dago aurten amaitzea egin gabe dauden urbanizazio-lanak (lauzak jartzea, airetiko linea elektrikoa berritu eta lurperatzea eta bidegorria asfaltatzea) eta etxebizitza babestuen azken eraikina ere bukatzea.

Bidebi Basaurik erabiltzaileen gogobetetzeari buruzko azterlana enkargatzen dio aldizka kanpo enpresa bati, sozietatearen kalitate-sistemak agindu bezala. Horri esker, hobe daitezkeen gauzak edo neurri osagarriren bat behar duten kontuen berri jasotzen dugu. Azterlana, gero, Administrazio Kontseiluari eta Batzar Nagusiari helarazten diogu, Jardueren Urteko Memoriarekin eta balantze- eta kontu-auditoretzarekin batera.

Erantsitako fitxategian dago aipatutako dokumentua.

ETXEBIDE Etxebizitzaren Euskal Zerbitzuari dagokio Euskal Autonomia Erkidegoan etxebizitza eskatzen duten pertsonen erregistroa kudeatzea. Eta BIDEBI BASAURI etxebizitza sozietate publikoan, berriz, informazioa ematen diegu udalerrian erroldatutakoei, eta erregistro horretako beren altak, bajak eta aldaketak kudeatzen ditugu. BIDEBIn, urtean, horrelako 3.000 izapide inguru egiten ditugu, gutxi gorabehera.

Duela gutxi, ETXEBIDEk Basauriko datu eguneratuak eman dizkigu. Guztira, 1.627 pertsona daude etxebizitza-eskatzaile gisa inskribatuta: 1.208k alokairuzko etxebizitza eskatzen dute, eta 419k, berriz, etxebizitza erosi nahi dute. Denak daude udalerrian bertan erroldatuta.

Argibide gehiago dituzu erantsitako fitxategian.

BASOZELAIko aparkalekuko azken 3 tokien salmenta merkaturatzen ari da BIDEBI, VISESA sozietate publikoaren izenean.

Argibide gehiago behar izanez gero, jarri harremanetan gurekin.

BIDEBI 592 m² erabilgarriko merkataritza-lokal baten merkaturatzea kudeatzen ari da, VISESA sozietate publikoaren izenean. Lokala Sarratun dago, eraiki berri den eraikin batean, (ikus erantsitako planoak). Lokala alokatu ere egin daiteke, gerora erosteko aukerarekin.

Argibide gehiago behar izanez gero, jarri gurekin harremanetan.